Maite Euba: "Duela 30 urte euskalduntzea zen helburu nagusia, orain erabilerari ekin behar diogu"
2011-10-05
Maite Euba (Zornotza, 1961) Durangoko Udal Euskaltegiko zuzendaria da gaur egun, eta 1988an hasi zen bertan lanean. Durangoko Udal Euskaltegiak 25. urteurrena ospatuko du aurten eta, gainera, ikasturte honetan egoitza berria estreinatu du. Horretaz aritu da zuzendaria.
Zer dela-eta hasi zinen Udal Euskaltegian lanean?
Kasualitatez hasi nintzen hemen lanean. Kazetaritzan lizentziatu nintzen eta ikasketak amaitu berritan euskara irakasle izateko ikastaro bat antolatu zuten Zornotzan, eta horretan sartu nintzen. Han nengoela Amorebieta-Etxanoko Udal Euskaltegian beste baten ordezko hartu ninduten. Gero oposaketak prestatzen hasi nintzen eta bueltan-bueltan, irailean 23 urte bete dira Durangoko Udal Euskaltegian plaza atera nuenetik.
Asko aldatu al da egoera hasiera hartatik?
Bai, egia esan bai. Hasi nintzenean irakasle gehiago ginen ikasle gehiago zebilelako jakina, batez ere, hasierako mailetan. Eskolak emateko sarritan gelak kanpoan bilatu behar izaten genituen.
Aurten 25 urte beteko ditu Udal Euskaltegiak. Urte hauen balorazioa egingo al zenuke?
Esango nuke egonkortasunean nabaritu dugula aldaketa handiena. Hasierako irakasle mobimenturik ez dago azken 10-15 urtetan. Beraz, lantalde finkoa eta esperientzia handikoa dugu.
Beste aldaketa bat, antolaketari dagokionez, egunekoari erantzutetik lau urteko plan estrategikoak egitera pasa izana da. Ikuspegi zabalagoa dugu, epe luzera begira, batez ere.
Nola ospatuko duzue euskaltegiaren 25. urteurrena?
Oraindik zehaztu barik daukagu. Badakigu ez dela ospakizun handiak egiteko garairik onena baina 25.urteurrenari dagokion ospakizuna egingo dugu nola edo hala. Gure ustez gurera etorri gura duena gonbidatzea da garrantzitsuena, esaterako, hasieran euskaltegia martxan jarri zuten pertsonak.
Eta, ikasturte berria egoitza berriarekin hasi duzue. Zertan hobetu dira euskaltegiaren azpiegiturak?
Lehenengo eta behin kanpoko itxuran, kalean identifikatzeko eta gurera etortzeko argiago eta garbiago dago.
Gelak handiak, argitsuak eta erosoak dira, arbel digitalez hornituta eta wifi konexioarekin. Saibi kaleko 10. zenbakian dago egoitza berria.
Zein da azken urteotako matrikula kopuruen egoera?
2008an gora egin zuen, agian krisiaren eraginez langabetu gehiago etorri zelako ikastera. Iaz eta aurten antzera ari gara. Gainera, iaz dirulaguntzan izan genuen murrizketa dela-eta, irakasle bi gutxiago ditugu, dimentsionamendutik aparte kontratatzen zirenak, alegia.
Gaur egun zenbat ikasle ditu Udal Euskaltegiak?
Ikasturte hasieran 250en bueltan. Amaieran 300 inguru matrikula izango ditugula aurreikusten da. Baina ikasleak baino egokiago litzateke zenbat eskola-ordu ematen ditugun aztertzea, modulazio ezberdinak daudenez orduetan ikusten da joera.
Gure kasuan 4.045 eskola-ordu bete behar ditugu dirulaguntza izateko eta normalean 5.000 inguru eman izan ditugu.
Zein da gaur egungo ikasleen profila? Aldatu al da hasierako ikasleen eta gaur egungoen profila?
Gaur egungo ikaslea emakumea, 35 urtekoa, ikasketaduna eta lanean dagoena da.
Hasierako urte haiekin konparatuz, ikasleen profila noski aldatu dela. Gure antzera zahartu egin dela esango nuke eta neurri baten profesionalizatu ere bai, lanerako tituluaren bila dator.
Zein ikastaro eskaintzen dituzue Durangoko Udal Euskaltegian?
Astean hamar orduko modulua astelehenetik ostegunera eta aurrez aurrekoa da ugariena oraindik (urtean 325 ordu). Beste ikastaro batean, astean lau ordu ematen dira egun bitan eta aurrez aurre (150 ordu). Gurasoen taldeak astean hiru ordu egiten dituzte egun bitan (120 ordu). Autoikasketa (on-line ikastaroak+tutoretza eta mintza saioak), berriz, astean behin izaten dira euskaltegian.
Aurten lehenengoz udaletxean ere emango ditugu trebatze ikastaroak: 50 bat langile arituko da 180 ordutan astean behin. Hiru talde ezberdin osatu ditugu.
Zein da arrakasta gehien duen ikastaroa?
Ez dut uste ikastaro izarrik daukagunik. Gure lana ikasleen beharrizanetara egokitzea da eta momentu baten autoikasketak berrikuntza eta arrakastatsua izateko boto guztiak izan bazituen ere, ikasle guztiek ez dute berdin erantzuten eta bakoitzak bere prozesua behar du eta horretarako modulu egokiena aukeratu.
Lau orduko modulua batzuentzat ideala da eurek nahi dutena lortzeko denbora gutxiago eskainiz.
Nola ikusten duzu euskaltegien etorkizuna?
Lana egon badago eta egongo da euskararen normalizazioan. Euskaltegiak sortu zirenean euskalduntzea zen helburu nagusia eta lehentasuna irakasteak eta ikasteak zuen. 30 urte beranduago helburuak errebisatu eta erabilerari ekin beharko diogu honetan baitugu premia oraingo honetan. Durangon zorionez, ari gara.
Matrikulazio epea dagoeneko amaitu da, baina norbait balego parte hartu nahi duena, posible izango luke orain izena ematea?
Jakina. Tokirik dagoen bitartean ez dugu inoiz matrikulatzeko aukerarik ixten. Are gehiago, urtarrilean berriro zabaltzen dugu deia herritarrei gogoratzeko baduela aukera matrikulatzeko.
Krisia nabaritzen al da euskaltegiko matrikulazio kopuruan?
Batzuetan ez dakigu matrikulazio kopuruan eragiten duten eragileak zeintzuk diren ala bat baino gehiagok eragiten duen: krisia, Hezkuntza Sailak titulazioa ematea, oposaketak egotea ala ez...
Bestalde, Durangoko ikasleek asistentzia beka jaso ahal dute ikastaroaren amaieran: %80ko asistentziarekin matrikularen erdia berreskuratuko dute; %60ko laguntza emandako maila guztiak gainditzen badituzte eta %70eko laguntza %90eko asistentzia badute.
Etorkinak | Euskara ikasten | Merkatariak - Ostalariak | ||||
Gurasoak | Helduak | Gazteak | ||||
Aisialdia - Kirola | Elkarteak | |||||