Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren "Kontalaria" kanpaina Durangon izango da
2010-09-30
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Julio Perugorria Producciones S.L. enpresak aurkeztutako “Kontalaria, hizkuntza sustatzeko elkarreraginezko multimedia aurreproiektua” izeneko egitasmoa bultzatuko du. Kanpainaren helburu nagusia euskararen erabilera espazio publikoetan eragitea da. Baina, horrez gain, beste helburu batzuk ere baditu: euskararen erabilerari balioa ematea, sormena lantzea, teknologia berrien inguruan jardutea eta belaunaldien arteko harremana eta komunikazioa bultzatzea.
Egitasmoa ez da berria. 2009an Galiziako Xuntako Secretaría Xeral de Política Lingüísticarekin lankidetzan abian jarri zuten eta berebiziko arrakasta izan zuen. Egitasmo hau Galiziakoan oinarrituta badago ere, izango ditu berezitasunak eta hobekuntzak.
Herriz herri ibiliko den unitate mugikorrean, horrela nahi duen orok, ipuin kolektiboa, elkarreraginezkoa eta ikus-entzunezkoa gauzatzeko aukera izango du. Unitate mugikor horren barruan, kontu kontari jarduteko pantaila eta bideo-kamara izango dira. Guztira, 20 udalerri bisitatuko ditu unitate mugikorrak eta urriaren 2an Bilbon izango da. Bertan hasiko du ibilbidea eta abenduaren 4an, Durangon, amaituko da. Jarraian, kontakizuna editatu, argitaratu eta ipuin kolektiboko forma emango zaio. Kontakizun guztiak www.kontalaria.net webgunean ikusi ahal izango dira. Kanpainaren ibilbidean bildutako materiala EITBren esku jarriko da, hark bere emisioetan material hori baliatuz programazio berezia egin dezan.