Euskararen Udal Araudia onartu du Durangoko Udalak
2010-07-21
Udal administrazioan esparru garrantzitsuak arautzen dira: errotulazioa, iragarkiak, seinaleak, ebazpenak, argitalpenak, batzarrak eta aktak. Guztiek euskaraz eta gaztelaniaz egon behar dute, euskarari lehentasuna emanez. Halaber, administratuek dituzten hizkuntza-eskubideak ere jasotzen dira, eta gainontzeko administrazioekin jarraitu beharreko prozedura ere bai.
Langileen hizkuntza-gaitasuna eta Euskara Planak atal bereizi bat osatzen dute: batetik, euskararen ezagutza areagotu nahi da eta, era berean, trebatze-saioen beharra azpimarratzen da euskara maila egokia duten udal langileentzat. Langileen kontratazioaz ere badihardu: hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun-datak ezarri beharra aipatzen du eta, halaber, aldi baterako langileak kontratatzerako orduan jarraitu beharreko urratsak arautzen ditu. Azken xedapen hau orain arte jaso barik zegoen Durangoko Udaleko euskara planetan.
Udalerriari dagokionez, helburu nagusia da euskaraz egiteko aukerak ziurtatzea eta areagotzea adin-tarte eta jarduera-esparru guztietan. Esaterako, udalak antolatutako ikastaro, tailer, hitzaldi eta holakoak euskaraz ere eskaini behar direla ezartzen da. Bestalde, euskara-betebeharrak exijitzen zaizkie udal-dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateei edo udalarekin hitzarmenak izenpetzen dituztenei. Eta gauza bera herri-lurra edo/eta udal instalazioak erabiltzen dituztenei. Beste atal garrantzitsu bat da Udalak eta bere erakunde autonomoek egindako kontratazioetan hizkuntza-betebeharrak ezartzearena, hau da, udalak kontrataturiko kanpo-zerbitzuek ere euskara erabili behar dutela ahozko jardunean zein idatzizkoan. Azkenik, hizkuntza-eskubideen urraketei aurre egiteko prozedura ere finkatzen da.