Astialdiko begirale ikastaroa izango da Durangaldean Urtxintxa Eskolaren eskutik
2010-09-17
Durangaldeko Amankomunazgoak astialdiko begirale ikastaroa antolatu du Durangaldean. Ikastaroa 2010-2011 eta 2011-2012 ikasturtetan zehar emango du Urtxintxa Eskolak asteburuetan. Ikastaroa 320orduz osatuko da, 200 ordu teorikoak izango dira eta 120 praktikoak. Gainera, zenbait asteburu aterpetxeetan igaroko dituzte.
Ikastaroan parte hartu nahi dutenek, irailaren 30a baino lehen eman beharko dute izena Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoan edo ondorengo e-postan: euskera.mdurango@bizkaia.org. Gainera, Amankomunazgoa osatzen duten herrietako bizilagunek (Abadiño, Atxondo, Durango, Elorrio, Izurtza, Mañaria eta Zaldibar) ikastaroa doan egiteko aukera izango dute.
Ume eta gazteekin lan egiteko gai izango diren begiraleak sortzea; astialdiko heziketan, hausnarketari eta marko teoriko baten ezagupenari hasiera ematea; eta ikaslea edozein ekintza programatzeko eta horren inguruko hausnarketa eta auto-kritikarako prestatzea dira ikastaroaren helburuak.