Hasiera

Albisteak

Felix Arkarazo: "Ni euskararekin beti egongo naiz zorretan, berari esker bizi bainaiz bikoizketaz eta interpretazioaz"

2010-09-09

Felix Arkarazo

Felix Arkarazo (Durango, 1959) bikoiztaile eta aktore moduan ezagutzen dugu. Goenkaleko Andoni Muruaren paperagatik egin zen ezaguna Euskal Herrian, baina beste hainbat lan ere egin ditu, zineman eta antzerkian, besteak beste. Durangaldeko Berbalagun ekimenean ere parte hartutakoa da.

Orain Bilbon bizi zara, baina durangarra zara berez, eta gurasoen baserriekin lotura handia izan duzu. Nola moldatu zara hiri handi batera?
Egia esan, hasieran ez nuen uste hain ondo moldatuko nintzenik. Ni Durangori oso lotuta egon naiz beti eta lanagatik Bilbora etorri behar izan nuenean ez nengoen oso seguru nola moldatuko nintzen. Gainera, orain dela 22 urteko Bilbo ez zen gaur egungoa bezain erakargarria, baina hala eta guztiz ere, oso ondo moldatu nintzen.

Euskal Filologia ikasketak burutu zenituen. Nolatan hasi zinen aktore lanetan?
Ikasketak bukatzean Lanbide Heziketan hasi nintzen irakasle moduan. Ni gaztetxoa nintzen, eta ikasleak nagusitxoak. Gainera, nahiko liskartiak ziren eta neure burua betirako ogibide horretan ikusteak ikaratu egin ninduen. Sasoi hartan bikoizketarako ikastaro batzuk antolatu zituzten. Alde batetik, irakaskuntza uztearren eta bestetik, bikoizketa eta interpretazio mundua oso erakargarria egiten zitzaidalako, aldaketa hori egin nuen.

ETB1 sortzear zela egin zenuen bikoizketa ikastaroa eta bertan hasi zinen lanean. Nolako esperientzia izan zen? Ez zenuen beldurrik euskara hutsezko telebistan hasteko?
Alde batetik ikara moduko bat bagenuen, ea zer sortuko zen hortik. Baina ikastaroa egiten ari nintzela irakaskuntzan baino askoz gusturago egongo nintzela ikusi nuen, eta horregatik aurrera egin nuen.

ETB1 hasi zenetik ari zara bikoiztaile lanetan. Zertan datza lanak? Eta zein da alderik onena eta txarrena?
Pelikulak kanpotik jatorrizko hizkuntzan etortzen dira, eta euskarara aldatzeko testua itzuli eta egokitu egiten da. Gero testua zati txikietan banatzen da behin eta berriz entseatu ahal izateko. Hau finkatuta dagoenean grabaketa egiten da, eta sinesgarri gertatuz gero, hurrengo zatiari ekiten zaio. Horrela, pelikula osoa bukatutakoan post-produkziora eramaten da soinu guztiak finkatzeko.
Lanaren onena norberaren gaitasuna atril aurrean erakusteko dagoen aukera da, zure pertsonaia sinesgarri geratzen denean oso pozgarria eta aberasgarria baita. Eta alderik txarrena nahiko gaizki ordainduta dagoela, garai batean ondo ordaintzen zuten arren, asko jaitsi da; eta batzuetan hainbeste ordu zutik, oihuka, negarrez, barrezka… nekagarri gertatzen da.

1986an Oraingoz izen gabe filmeko protagonista izan zinen. Lan gogorra izan al zen protagonista izatearen zama bizkar gainean eramatea?
Pelikula hartan presioa ez zetorren protagonista izatetik, oso egun gutxitan eta diru gutxirekin egin behar izatetik baizik. Aurrekontu murritzeko filma zen, eta ez genuen denbora asko grabaketarako, horregatik erritmo bizkorraz eta denok lagunduta egin behar izan genuen.

Bi urte beranduago A Time of Destiny amerikar produkzioko filmean hartu zenuen parte. Desberdintasun handia al dago kanpoko eta hemengo produkzioen artean?
Egongo ez da ba! Horrelakoetan argi eta garbi ikusten da, diru asko dago pelikula ahalik eta ondoen irten dadin, xehetasun guztiak ondo zainduta. Hemengo filmetan, aldiz, beste ikuspegi bat dago, diru faltaren presioa beti egongo da hor eta ezin da akats askorik egin; erritmo aldetik ere bizkor joan beharra dago... Amerikar produkzio handietan, berriz, beste era bateko presioa dago, lasaiago grabatu daiteke eta akatsak ere handiagoak izan daitezke.

1996tik aurrera Goenkale telesailean ikusi zaitugu. Nola hasi zinen bertan?
Goenkalen pertsonaia berriak sortu ziren eta aktoreak behar zituzten. Hango produktore batek Bilbotik ezagutzen ninduenez, froga bat egiteko esan zidan. Gustatu egin zitzaien antza, eta harrezkero 14 urte egin ditut bertan.

Denboraldi amaieran arrisku bizian ikusi zintugun. Irailean itzuliko da telesaila pantailetara, zerbait aurreratzerik bai?
Inongo arazorik gabe aurreratu dezaket irailean gertatuko dena. Andoni Murua desagertu egingo da Arraldetik, beraz, momentuz, behintzat nire Goenkaleko ibilbidea amaitu da.

Non ikusten duzu hobeto zeure burua kameraren aurrean ala atzean?
Niri biak gustatzen zaizkit, gauza bakoitzak bere alde aberasgarriak ditu. Gainera, orain arte biak batera uztartu ditut eta ez nituzke gauzak modu esklusiboan planteatu nahi. Bietara joko nuke gustura.

Euskarazko telebistan lan egiten duzu, baina, zure ustez, zein leku dauka euskarak telebistan?
Telebistan, beste edozein hedabidetan izan dezakeen leku bera dauka. Guztiok euskara gure eguneroko tresna bihurtzen ahalegintzen bagara, eragina izango du hedabideetan. Beraz, guk nahi eta gauzatzen dugun lekua izango du hizkuntzak.

Antzerkian ere aritu zara, Victor Bevch antzezlana egin duzu. Zer nahiago duzu zinea, telebista edo antzerkia?
Bai, antzerkian egin nuen obratxoa ere aberasgarria izan zen, obra batean hiru pertsonaia desberdinen papera egin bainuen. Baina ez nuke jakingo hiru generoetako bat aukeratzen. Telebista oso erronka gogorra da, kamera asko daude eta teknikoki oso zaila izan daiteke, baina asko erakusten dizu. Antzerkia oso aberasgarria da publikoa aurrean izateak ematen dion bizitasunagatik. Eta zineman, berriz, kontuz ibiltzeko premia eta astiro ibiltzeak asko irakasten dizu.
Desberdinak dira eta bakoitzak bere alde onak eta txarrak ditu. Zein nahiago dudan? Denak eta bat ere ez.

UEU-rentzako lan batzuk ere egin dituzu, irratiari buruzko hitzaldi batzuk tartean. Hor ere aritu zara?
Irratian ez naiz inoiz ibili, hor egin nuena lokutoreentzat ikastaro moduko bat izan zen. Ni beti bikoiztaile moduan mikrofono aurrean ibili naizenez, esperientzia aintzat hartuta aholku batzuk eman nituen.

San Mameseko speakerra izan zinen. Zer nolako esperientzia izan zen?
Pare bat urtez ibili nintzen, baina orain dela lau urte utzi nuen. Estadioan bertan aritzen nintzen hamaikakoak ematen eta konpromiso handia zen asteburuero eta Aste Santuan bertan egon behar izatea. Gainera, nik horretaz gain beste konpromiso batzuk nituen, eta gero eta zailagoa egiten zitzaidan guztiak bateratzea. Horregatik utzi behar izan nuen.
Esperientzia moduan, baina, oso polita izan zen, egindako guztiarekiko ezberdina. Baina batzuetan sekulako atsekabea hartzen nuen. Partidua zuzenean ikusteak hori dakar: poz handiak, baina atsekabe handiak ere bai, batez ere Athletic zale garenontzat.

Durangaldeko Berbalagun ekimenean ere parte hartu duzu. Nolatan? Zer iruditzen zaizu ekimena?
Ni batzuetan Durangora itzultzen nintzela aprobetxatuz, tabernetan elkartzen ginen euskara ikasten zebiltzanak eta euskaldun zaharrak edo zerbait erakusteko geneukanak. Horretan ere pare bat urte ibili nintzen, eta oso polita izan zen. Nik beti esan dut miresgarria dela jendeak euskara ikasteari orduak eskaintzea. Gainera, ni euskararekin beti egongo naiz zorretan, berari esker bizi bainaiz bikoizketaz eta interpretazioaz.
Ekimena bera oso egokia iruditzen zait, eta ez bakarrik Berbalagunen dagoen jendearentzat. Horren inguruan giro berezia sortzen da, eta tabernetan jendea euskaraz entzuteak urteen poderioz ohitura hori hartzea dakar.

Proiekturen bat ba al daukazu eskuartean?
Momentuz ez daukat ezer. Goenkale amaitu dela eta, denboraldi sabatiko moduko bat hartu dut, eta orain alde batetik bestera nabil, baina inongo proiekturik gabe.

 

   

Bidali zure erantzuna:

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

Izena*
E-posta*


       
       

Laguntza on-line

Agenda

 
atzera
Apirila 2024
aurrera
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
 
 
 
 
 
 

Euskara ikasi
eta hobetu

iametza interaktiboak garatuta XHTML CSS WAI-A LEGE OHARRA Durango