head

Ikertzailea

Alberto Errazti Igartua Arrasaten jaio zen 1961eko ekainaren 10ean euskal familia batean. Markitegi baserriko Felix zuen aita (Aretxabaleta) eta Bilbon bizi den ama Juanita Uribarri auzokoa (Oñati). Bost anai-arreben arteko erdikoak aurrenengo bederatzi urteak jaioterrian bertan eman ondoren, Bilborako bidea hartu zuen familiarekin batera. 1985ean Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologian lizentziatu eta Durangora ezkondu zen. M. Carmen Txintxurretak sabelean hazitako Eneko eta Asier semeen aita Durangoko Frai Juan Zumarraga institutuko euskal hizkuntza eta literatura irakaslea da gaur egun.

80ko hamarkadatik hainbat lan burutu ditu Deustuko Unibertsitatearentzat. Euskal Irakaslegoan euskara irakaslea izan zen ikasten ziharduen aldi berean, baina bere ekarpenik garrantzitsuena toponimia esparrukoa da. DEIKER institutuaren laguntzaile nekaezinak zenbait egitasmotan erakutsi du bere eskarmentua: Bizkaiko 1:5.000 eskalako kartografiarako toponimiaren bilketa gainbegiratzea (1989), Araba eta Gipuzkoako 1:5.000 eskalako kartografiarako toponimiaren bilketa ikerlanean Arabako herri batzuen (Asparrena, Barrundia, Donemiliaga, eta Zalduondo) eta Entzia mendilerroaren landa-lana (1991/92) eta Bizkaiko 1:5.000 eskalako kartografiarako toponimiaren bilketa ikerlanean Durangaldeko herri batzuen (Durango, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria, eta Zaldibar) landa-lana (2001/02).

Argitaratutako artikulu edo liburuei dagokienez, irakurle anitzi begira jokatu du beti ikerlanak eta zabaltze lanak tartekatuz. Bizi den eskualdetik bertatik hasita, ERAZ aldizkarian (bertako hizkera izeneko zutabea) edo Durangoko Alpino Tabira mendizale taldearen Katazkan (mendi txango edo leku-izenei buruzko artikuluak). Aldizkariaren ardura izan zuen, gainera, 1997/99 urteen artean Rosa Lejardirekin batera. Liburuak plazaratzearen erronkari ere eutsi dio urteetan eta hortxe ditugu emaitzak:

  • Bizkaiko Bira. GR-123 eta aldakiak 1 . SUA edizioak (1990)
  • Vuelta a Bizkaia. GR-123 y variantes. SUA edizioak (gaztelaniazko itzulpena) (1990)
  • Iurreta Elizateko Euskara eta Toponimia 2 . Iurreta elizatea (1994)
  • Bidaide-Euskal Herria mendiz mendi bidez bide 3 . Euskaldunon Egunkaria (2002)
  • Zaldutik Zaldibarrera toponimia barrenean 4 . Onomasticon Vasconiae. 24. zk. Euskaltzaindia (2004)

Euskal hedabideen garapenerako ere eskaini ditu bere aletxoak eta 1995etik guardia zibilek bortxaz desagerrarazi arte esku hartu zuen Euskaldunon Egunkariako Bidaide, Gogaide atalean (26 mendi artikulu) eta Mundu mira gehigarrian (20 mendi artikulu), baita Berria egunkariko Harat-honat, Tartea eta Plaza ataletan ere (25 mendi artikulu). Idatzietatik uhinetarainoko jauzia egiteko adorea 2006an izan zuen eta pare bat urtean iradoki zuen Euskadi irratiko Faktoria irratsaioan non topa zitezkeen Bizkaiko mendietako altxorrak.

Azken urteotan sutsu ibili da hainbat ekimenetan gazteek euskal kulturaz goza dezaten. 2010ean, esaterako, Sarriren memoriaren mapa ibilaldia antolatu zuen Durangoko Plateruena kafe antzokiko Zilar Astean; amaiera ezin biribilagoa 2005etik Plateruenako lehendakari izandakoarentzat, hori bai, bertako bazkide izaten eta laguntzen jarraitzeko, jakina.

Oraingo honetan Durango uriko toponimia ikerlana duzue begi aurrean. Egileak beste erronka bati ekin dio bere ibilbide oparoan eta ohiko euskarrietatik ihes egin eta web orri batera jo du. Hainbat helburu ditu aldaketa horrek: batetik, goi mailako ikerlana irakurle/ikusle orori zabaltzea; bestetik, egile eta hartzailearen arteko eragina handiagoa izatea teknología berriek eskaintzen duten esku hartzeko aukera baliatuz; eta azkenik, leku-izenen galtze eta desitxuratze bilakaeraz ohartuta, berreskuratzeko bideak eskaintzea.

2011ko ekainaren 30ean

 

Oharrak:

1 Urte bereko Durangoko Liburu eta Disko Azokan aurkeztu zen. Mahaikideak: Xebe Peña, Javier Pascual (Sua edizioak) eta egilea.
2 Urte bereko Durangoko Liburu eta Disko Azokan aurkeztu zen. Mahaikideak: Alfonso Irigoien, Juan Manuel Etxebarria, Anton Mari Aldekoa-Otalora (udal ordezkaria) eta egilea.
3 Hainbat egileren artean eginikoa: Xabier Aranguren, Joxean Gil-Garcia, Allande Sokarros, Alberto Errazti, Koldo Aldaz, Arratiako Laratzu taldea, Mikel Arrizabalaga eta Xabier Lasa.
4 Zaldibarko udaletxean aurkeztu zen urte berean. Mahaikideak: Jose Luis Lizundia (Euskaltzaindia), Patxi Goenaga (Eusko Jaurlaritza), Gotzon Lobera (Bizkaiko Foru Aldundia), Igor Barrenetxea-Arando (alkatea) eta egilea.

 

Zure etxeari edo negozioari izena jarri behar diozu?

Izen zerrenda

 

oina iametza interaktiboa